CABECERA IRATI POCTEFA

Aezkoa

Nafarroako ipar-ekialdean kokaturik, oihan sarriak eta belaiak dira nagusi. Garazi eta Zaraitzu ditu mugakide. Bederatzi herri dira, guztiak ere abeltzaintzari eta oihangintzari emanak: Abaurregaina, Abaurrepea, Aria, Aribe, Garaioa, Garralda, Hiriberri, Orbaizeta eta Orbara.

Natura izugarria da, jori-joria, eta bi leku bereziki aipatu beharrekoak: Aezkoa mendia eta Iratiko oihana. Naturak, beraz, herrien bizimoldea eta ekonomia baldintzatu ditu, baina jendeak jakin izan du garai berrietara moldatzen, iragana eta nortasuna alde batera utzi gabe. Hortxe dugu, konparaziora, industria eta kultur ondare baliosa. Orbaizetako Ola zaharra da adibide nagusietako bat, Legartzako errekaren gainean munizioa egiteko eraikia. Egun hondaturik badago ere, oraino kanalizazioa, labe zaharrak eta jauregia ikusiko ditugu.

Ola kultur intereseko ondasuna da gaur egun, eta XVIII. mendean eraiki zen Aezkoa mendiko burdinola zaharraren gainean, armada armaz eta munizioz hornitzeko. Europako industria militarrik garrantzitsuenetako bat izan zen. 1884an itxi zen, behin betikoz.

Industria arloko ondarearekin batera, artean ere pausatu beharra dago begirada, ondare erakargarria baita egiazki. Adibidez, historiaurreko aztarnak aipatu behar dira, hau da, megalitoak (Azpegiko gune megalitikoa), edo erromatarren aztarna (Urkuluko garaipen-dorrea) edo iraganeko bizimolde eta kultur moldeen aztarnak (garaiak eta hilarriak).

Aezkoako Ibarra www.aezkoa.com

 

Ezagutu:
Behatokiak

Aezkoak 9 behatoki ditu, eta guztiek ere ikuspegi zoragarriak dituzte. Denak gomendagarriak badira ere, lau dira nabarmentzekoak:  Ariztokia, Pettuberro, San Migel eta Zamariain.

PETTUBERRO (HIRIBERRI)
Ibarra bere osoan ikusi nahi baduzu, zatoz Pettuberrora, Aezkoako 9 herriak ikusteko aukera ematen duen leku bakarra baita. Gainera, nork daki ez ote zaren sorgin sentituko, sorginak hemen elkartzen omen baitziren akelarreak ospatzeko.

SAN MIGEL (ABAURREGAINA)
Aezkoako Balkoia da. izena ematen dion mendian dago kokaturik, eta ikuspegiak sekulakoak dira. Ekialdera, Pirinioetako kasko garaiak; mendebaldean, berriz, Aezkoa.

ZAMARIAIN (GARAIOA)
Garaioatik goiti dago. Zamariaingo behatokia Beteluko hariztiaren gainean dago, bai eta Iratiko ibarraren gainean ere. Harkaitz ikusgarri bat dago amildegi gainean zintzilik; horregatik, sekulako talaia da. Ez da egokia bertigoa sentitzen dutenentzat. 

ARIZTOKIA (GARRALDA)
Behatoki ikusgarria da, oihanez inguratua. Aise iritsiko gara, harri gaineko bidexka bat hartuta. Aribe agertuko zaigu, bai eta Aezkoa, Berrendi mendiko kasko harritsua eta Irati ibaiaren ibilbidea ere. Ariztoki izenak, jakina, haritz tokia erran nahi du. Izan ere, inguruan, haritz kandugabeko harizti ederra baitago, pagoekin batera.
Urte osoan joan gaitezke ikustera, elurra dagoenean izan ezik, ez baitago behatokira igotzerik.

Orbaizetako Ola zaharra

XVIII. mendeko arkitektura industrialaren altxorretako bat da. Hainbat arrazoik eraginda erabaki zuen errege Karlos III.ak ola Orbaizetan eraikitzea. Hona hemen: zura ugari, burdin, zilar eta berun aztarnategiak izatea, eta ura ere ugari izatea. Erdi Aroko burdinola zaharraren gainean eraiki zuten. Olaz gain, bertzelako eraikinak ere altxatu zituzten, hala nola eliza, jauretxea, soldaduendako tropak eta langileendako etxeak. 3.600 lehergailu ere fabrikatu zituen urteko, eta Europako industria militarrik garrantzitsuenetako bat izan zen. Muga ondoan dagoenez, hainbat aldiz arpilatu eta erre zuten, XVIII. mendearen akaberatik aitzina eta XIX.ean, Konbentzioaren aurkako gerran eta Karlistaldietan. 1884an itxi zen betiko. Gaur egun, eraikin batzuk daude zutik, bai eta labeak eta Legartzako errekaren kanalizazio bikaina. Lekua lehengoratzeko proiektua dago abian, eta gainera, kultur intereseko ondasuna da.

Aezkoako garaiak

Aezkoak Nafarroan diren eta kultur intereseko ondasun aitortua duten 22 garaietako 15 kontserbatzen ditu. Eraikin horiek Arian, Orbaizetan eta Hiriberri Aezkoan daude batez ere eta aleak hezetasunetik eta karraskarietatik gorderik biltegiratzeko asmatu zituzten.

Hilarrien lorategia

Abaurregaina Nafarroan altituderik handienean dagoen udalerria da, itsas mailatik 1.039 metro gorago dago. Bertako elizaren ondoan “Hilarrien lorategia” deiturikoa dago: Erdi Aroko hilarri franko berreskuratu dituzte eta garai hartan giza existentziaz zuten ikusmoldea islatzen duen labirintoan ikusgai daude.

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This