CABECERA IRATI POCTEFA

Jardunaldia: Iratiko eskaintza mikoturistikoa

Iratiko Txaletetan (Zuberoa), Iratiko eskåaintza mikologikoari buruzko jardunaldia eginen da urriaren 15ean, asteartea,  turismo arloko profesionalentzat.

“Mikologia Iratin: paseoan eskura dugun baliabidea” izenburua eman zaio Iratiko Txaletetan (Zuberoa) urriaren 15ean eginen den Jardunaldiari. Iratiko eskaintza mikologikoa azaldu nahi zaie turismo arloko profesionalei, haiek gero turista ziza zaleei eta natur zaleei erakusteko. Zehazki, material pedagogikoaz gain, behar diren tresnak ere erakutsiko zaizkie, bisitariei inguruko mikologia-baliabideen berri emate aldera.

Iratiko eskaintza mikologikoak dakarren gauza berri nagusia lurraldea sei eremu mikologikotan zatitu izana izan da (lau Zuberoa aldean, eta lau, Nafarroan); bakoitzak bere sarbideak ditu. Turistek ziza eta onddo espezieak ikusteaz gain, ekoizpen mikologikoan zer faktorek eragiten duten ere ikasiko dute (lurzoru mota, malda, orientazioa, hezetasuna, oihanaren adina, oihan-ustiapen mota, etab.). Gidarekin edo gabe ibil gaitezke bidexketan barna. Bere kasa egin nahi duenak foileto-mapa inprimatu edo digital bat izanen du eskura, informazioa zehatz jasorik.

Halaber, hainbat gida pedagogiko argitaratuko dira zenbait gai aztertzeko: zizek eta zuhaitzek elkarren artean duten lotura zuzena; onddoen garrantzia naturak irauteko; edota onddoek nahiz zizek elikadurarako dituzten nutrizio-propietateak.

Iratiko eskaintza mikologikoa SASC IRATI mugaz gaindiko lankidetza-proiektuaren barneko baliabideetako bat da. Zaraitzuko eta Aezkoako Batzar Nagusiek nahiz Garazi eta Zuberoako Sindikatek gidaturik, proiektuak denen artean lan egitea du helburu Iratiko oihanak balio handiagoa izan dezan.

Paseoa bidexka mikologikoetan, eta eztabaida

Mikologiari buruzko jardunaldiaren egitaraua bi zatitan banatuko da, urriaren 15ean. Goizean, Zuberoako bi mikologia-eremuak aurkeztuko dira, bai eta gida pedagogikoak ere. Eguraldiak laguntzen badu, gidak bidexka mikologikoetan aurkeztuko dira. Bertzenaz, Iratiko Txaletetan erakutsiko dira, oihanera joan baino lehen. Iratin barna ibili eta gero, hamaiketakoa prestatuko da, onddoak oinarri hartuta.

Arratsaldean, bertaratuen arteko eztabaida-saioaz gain, esperientziak trukatuko dira. Horrela, jendearekin joan izan diren gidari mikologikoen esperientziak kontatuko dira; aztertuko da, halaber, nola erakutsi jendeari mikologiaren gaineko pedagogia (hau da, ekimena nola bideratu publiko mota guztiengana, mugak paratu, interesa bilatu…), material pedagogikoa aurkeztuko da; hainbat jarduera tekniko, kultural eta ludiko proposatuko dira Iratiko eskaintza mikoturistikoa ezagutzera emateko, eta prestakuntza osagarririk behar ote den ikusiko da.

SASC IRATI proiektua

Iratiko eskaintza mikoturistikoari buruzko jardunaldia SASC IRATI mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren baitan dago. Zaraitzuko eta Aezkoako Batzar Nagusiek nahiz Garazi eta Zuberoako Sindikatek gidaturik, proiektuak denen artean lan egitea du helburu Iratiko oihanak balio handiagoa izateko.

Izan ere, proiektuaren bidez, lau ibarrek elkarren arteko gogoeta egin nahi dute baliabideen kudeaketaz, eta kohesioa indartu nahi dute, Irati bere osoan lurralde bateratu bat izan dadin, mugaldea izanik ere. Hori erdieste aldera, lurraldea era jasangarrian kudeatzeko estrategia bat finkatu dute, Iratin egiten diren jarduera guztiak kontuan hartuko dituena.

Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.

 

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This