CABECERA IRATI POCTEFA

Iratiko eskaintza mikologikoari buruzko turismo-proiektuaren aurkezpena

Iratiko etxeetan (Zuberoa), abenduaren 14an, larunbata, Iratiko baliabide mikologikoaren garrantzia nabarmentzeko landutako materialaren aurkezpena egingo da

Zaraitzu eta Aezkoako batzordeek zein Garazi eta Zuberoako sindikatu-batzordeek sustatutako SASC IRATI mugaz gaindiko lankidetza-proiektuan aurreikusitako ekintzetako bat Iratiko eskaintza mikologikoari balioa ematea oinarri duen turismo-proiektu baten sorrera da.

Helburuak Iratiko onddo eta perretxikoen irudia aberasteko jarduera berriak garatzea eta baliabide hori bi edo hiru espezie mikologiko ezagunenak biltzera mugatzea saihestea dira.

Iratiko eskaintza mikologikoari balioa emateko eta eskaintzen dituen aukera guztiak ezagutzeko, ibilaldi mikologikoen zirkuitu bat diseinatu eta materialak prestatu dira. Zehazki, liburuxka pedagogikoak editatu dira gai hauek jorratzeko, besteak beste: perretxiko eta zuhaitzen arteko erlazio zuzena, onddoek naturaren babeserako duten garrantzia edo onddoek eta perretxikoek elikadura-ongizaterako dituzten propietate nutrizionalak. Halaber, mendi-ibilien gida irudidun bat eta inguruetan egin daitezkeen ibilaldi mikologikoen zirkuituak kokatzeko mapa bat sortu dira.

Perretxiko eta onddoen garrantzia

Onddoek natura babesteko egiten duten ekarpena funtsezkoa da. Proiektua aurrera eramateko egindako ikerketek zuhaitzen eta onddoen arteko erlazio estua nabarmendu dute; izan ere, azken horiek arduratzen dira zuhaitzei ura eta mineralak emateaz.

Halaber, perretxikoak istorio, sinesmen eta kondairen iturri dira, eta baita bilketa, kontserbazio eta kontsumoari buruzko jakintza tradizionalen eramaile ere. Gastronomian gero eta gehiago erabiltzen dira, hala errezeta tradizionaletan nola chef berritzaileen kartetan; Asiako sukaldaritzan inspiratzen dira, zeinak ezinbesteko elikagaitzat hartzen baititu perretxikoak eta onddoak dieta osasungarri baterako.

Programa

Aurkezpena 10:00etan hasiko da, Jean Rondet eta Javier Gómezen “Anduia eta bere sekretuak” hitzaldiarekin; anduia nola hazten den, zuhaitzei elikatzen nola laguntzen dien eta beste onddoekin nola bizi den azalduko dute.

10:30ean, Iratiko ibilaldi mikologikoen eta onddoak ezagutzeko giden aurkezpena egingo da, Koldo Villalba, Javier Gómez eta Jean Rondeten eskutik.

11:20ean onddoen ezaugarri nutrizional eta organoleptikoei buruzko “Onddoak, etorkizuneko elikagaiak?” hitzaldia izango da (Jean Rondet eta Sukaldari Maisuen Elkartea), eta, 12:15ean, Fernando Martínez Peñak, Javier Gómezek eta Jean Rondetek “Tokiko biltzaileen eta turisten arteko harmonia egokia: egungo egoera eta bilakaera, bilketaren erabilera jasangarriaren aldeko gaur egungo ikuspegiak, erabileren “gobernantza” metodo posibleak” izenburuko mintzaldia emango dute.

Hitzaldien ostean, solasaldia egingo da, eta, jarraian, perretxikoak oinarri dituen bazkari bat, Béarn Pyrénées Pays-Basqueko Sukaldari Maisuen Elkartearen eskutik.

Arratsaldean (14:15), bertaratutakoek onddoen sekretu guztiak ezagutu ahalko dituzte hainbat gai jorratuko dituzten hiru erakuste-tailerren bidez: onddoen hazkundea zurezko enborretan (pagoetan batez ere), bildu osteko kontserbazioa eta sukaldean prestatzeko era.

SASC IRATI proiektua

Iratiko eskaintza mikologikoa aurkezteko jardunaldia SASC IRATI mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren baitan dago. Zaraitzuko eta Aezkoako Batzar Nagusiek nahiz Garazi eta Zuberoako Sindikatek gidaturik, proiektuak denen artean lan egitea du helburu Iratiko oihanak balio handiagoa izateko.

Izan ere, proiektuaren bidez, lau ibarrek elkarren arteko gogoeta egin nahi dute baliabideen kudeaketaz, eta kohesioa indartu nahi dute, Irati bere osoan lurralde bateratu bat izan dadin, mugaldea izanik ere. Hori erdieste aldera, lurraldea era jasangarrian kudeatzeko estrategia bat finkatu dute, Iratin egiten diren jarduera guztiak kontuan hartuko dituena.

Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This