CABECERA IRATI POCTEFA

Iratiko artzaintzaren segida sustatzeko jardunaldia

Aezkoako Batzarrean (Aribe) jardunaldi bat eginen da urriaren 19an, artzaintzak Iparraldean eta Nafarroan duen egoera aztertzeko.

Jardunaldia urriaren 19an eginen da Ariben, larunbatarekin, artzainak Iparraldean eta Nafarroako Pirinioetan zertan diren aztertzeko, bai eta Iratiko azienda-ustiategien segida ere.

Iratin ari diren artzainen esperientzia onak ezagutzera eman nahi dira han bertan, eta azienda gobernatzeko eredu berriak aurkeztu.

Jardunaldiak bi zati izanen ditu. Batetik, baserri eta azienda-ustiategien jarraipena izanen da aztergai. Horretarako, 30 urtetik beheitiko gazteek artzaintzan izan duten esperientzia kontatuko dute. Eztabaida-saioan lau ikuspuntu agertuko dira: baserrian segitu duten gazteak, segitu ez duten gazteak, Iratin finkatu eta artzaintzan ari diren kanpoko gazteak, eta artzaintzan sekulan ez arituagatik ere baserrian hasi diren gazteak. Ondotik, galderen txanda izanen da, bai eta denen arteko solasaldia ere.

Bertzetik, azienda gobernatzeko eredu berriak aztertuko dira. Horrela, eskarmentu handia duten zenbait abeltzainek –guztiak ere ingurukoek– azienda kudeatzeko beren proposamenak agertuko dituzte eta nola moldatu diren garai berrietara. Ondotik, bertze eztabaida-saio bat eginen da.

SASC IRATI proiektua

Iratiko artzaintzaren segida sustatzeko jardunaldia SASC IRATI mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren baitan dago. Zaraitzuko eta Aezkoako Batzar Nagusiek nahiz Garazi eta Zuberoako Sindikatek gidaturik, proiektuak denen artean lan egitea du helburu Iratiko oihanak balio handiagoa izateko.

Izan ere, proiektuaren bidez, lau ibarrek elkarren arteko gogoeta egin nahi dute baliabideen kudeaketaz, eta kohesioa indartu nahi dute, Irati bere osoan lurralde bateratu bat izan dadin, mugaldea izanik ere. Hori erdieste aldera, lurraldea era jasangarrian kudeatzeko estrategia bat finkatu dute, Iratin egiten diren jarduera guztiak kontuan hartuko dituena.

Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsak (EGEF) egitasmoaren % 65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorrako mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea da. Zehazki, mugaz gaindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko jarduerak laguntzen ditu diruz, estrategia bateratuen bitartez, lurralde garapen jasangarriaren alde.

 

 

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This