CABECERA IRATI POCTEFA

Irati Lau Ibarrak-ek eductour bat antolatu du Iratiko baliabideak erakusteko

Joan den ostiralean, maiatzak 12, Irati Lau Ibarrak elkarteak antolatutako lehen jarduera egin zen: eductour bat. Haren eskutik, Garazi, Zuberoa, Aezkoa eta Zaraitzuko agente turistikoek sakon ezagutu zituzten Iratiko lurraldeko azpiegiturak Pirinioen bi aldeetan.

Jardunaldia hasteko, bisita gidatua egin zen Orbaizetako arma-fabrikaren antzinako jauregira. Izan ere, berriro ireki da jauregia, Kultur Ola izenarekin, erakusgune zein bisitariari harrera egiteko zentro gisa. Sustapen Ministerioaren, Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Kutxa Fundazioaren, Landa Garapeneko Programaren (FEADER funtsak) eta POCTEFA programaren (FEDER funtsak) bidez finantzatu da birgaitzea.
Bertaratutakoek lehen solairuko erakusketa bisitatu zuten. Iratiko lurraldeari eta bertan mendeetan zehar egin diren jarduerei (basogintza, abeltzaintza eta arma-fabrikarena berarena) buruzkoa da. Bigarren solairuan, bestetik, Ameriketara joan ziren artzain pirenaikoen bizimoduari buruzko erakusketa ezagutu zuten.
Ondoren, Irati Lau Ibarrak elkartearen aurkezpena egin zen Kultur Ola jauregiko aretoetako batean. Karlos Bueno elkarteko lehendakariak, Aezkoako Batzarreko lehendakaria ere badenak, Jean-Christophe Arrayet Zuberoako Batzorde Sindikaleko lehendakariordeak eta Roger Taffernaberry Garaziko Batzorde Sindikaleko lehendakariordeak aurkeztu zuten. Ekitaldian izan ziren, baita ere, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria, Sergio Pérez Kanpo Ekintzako eta Rubén Goñi Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusiak, eta eskualdeko beste ordezkari batzuk. Karlos Buenok eta gainerako hizlariek elkartearen jatorria azaldu zuten: Poctefa SASC Irati proiektuan ibarrek elkarren artean izandako lankidetzatik sortu zen, zehazki, natura-eremu honen kudeaketa bateratuan aurrera egiteko.
Gero, Orbaizetatik Iratiko oihanean barneratu ziren. Irabiako urtegia inguratu, eta Iratiko Etxoletara iritsi ziren, Zaraitzun. Iratiko jendeen arteko harremanak estutzeko balio izan zuen bazkariaren ondoren, Iratiko basoaren bizitza naturalari eta historiari buruzko erakusketa bisitatu zuten.
Berriro ere bidean, Garaziko larreetan sartu ziren eductour jardueran parte hartutakoak. Han, Etxola bisitatu zuten, bisitariari harrera egiteko gunea. Inguruko artzainen lana erakutsi ez ezik, haien gaztak erosteko aukera ere badago. Han amaitu zen jardunaldia. Iratiko Etxolak eta Irati-Abodi Mendi Zentroa hurrengo eductour baterako utzi ziren. Sustatzaileak eta parte-hartzaileak oso pozik agertu ziren egunaren nondik norakoarekin. Izan ere, oso baliagarria izango da eragile turistikoentzat Irati erakargarritasunez betetako lurralde paregabe gisa aurkezteko.

 

Irati Lau Ibarrak grupo
Irati Lau Ibarrak etxola
Irati Lau Ibarrak visita
© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This