CABECERA IRATI POCTEFA

Ikasle-trukea Zuberoa eta Zaraitzuren artean

SASC IRATI mugaz haraindiko proiektuaren barruan kokatzen da trukea

Berrogaine-Larüntzeko Nekazaritza eta Landako Lizeo Pribatuko (LARPS) 33 ikaslek Otsagabia bisitatuko dute, martxoaren 25etik 27ra, Zaraitzu ibarreko baliabide natural, sozial, ekonomiko eta kulturalak ezagutzeko.

Otsagabiko eskolako ikasleek Berrogaine-Larüntzeko (Mauletik oso hurbil) Nekazaritza eta Landako Lizeo Pribatuko (LARPS) 33 ikasle hartuko dituzte, martxoaren 25, 26 eta 27an. Trukean parte hartuko duten frantziar ikasleak 15 eta 17 urte bitartekoak dira, eta bi heziketa-gai hauek ikasten ari dira: “Nekazaritzako ustialekuen kudeaketa” (CGEA) eta “Asistentzia soziala pertsonei eta lurraldeari” (SAPAT). Egonaldiaren helburua da Zaraitzu ibarreko baliabide natural, sozial, ekonomiko eta kulturalak ezagutzea; horrez gain, tokiko erakunde eta eragile nagusiak zein diren jakingo dute, eta bakoitzak ibarreko paisaian jokatzen duen zeregina ere.

Esperientziak Zuberoako zein Zaraitzuko errealitate soziala partekatzeko aukera emango du. Halaber, eragile-sare bat sortu nahi da etorkizunean truke gehiago egiteko, bai ikasleen artean, bai profesionalen artean (bekadunak hartzeko egiturak).

Oso agenda betea

Jarduerak martxoaren 25ean hasiko dira, astelehenarekin; paisaia bat aztertuko da, Erremendiako lepoarena, zehazki, ulertu ahal izateko nola modelatu duten gizakiek eta haien jarduerek ingurune naturala. Arratsaldean, kultura-trukea egingo da, Otsagabiko eskolako hamaika ikaslerekin, Muskildan. Ibarreko bizimodua eta jarduerak ezagutaraziko zaizkie bisitariei.

Martxoaren 26an, asteartearekin, bi hitzordu izango dituzte bisitariek: Otsabagiko turismo-bulegoko Gustavo Goiena teknikariak inguruneari buruzko hitzaldi bat emango die, eta basozain batek azalduko die nola bateratu basoen zainketa eta turismoa.

Arratsaldez, “Nekazaritzako ustialekuen kudeaketa” ikasten ari direnek bi ustialekutara joko dute; behi piriniarrak ustiatzen dituzte batean, eta haragitako ardiak, bestean. Patatak ere ekoizten dituzte biek, eta turismoarekin lotutako nekazaritza-jarduera askotarikoak garatu dituzte. Helburua da ikustea nola kudeatzen dituzten instalazioak eta zer paper jokatzen duen nekazaritzak ibarrean. “Asistentzia soziala pertsonei eta lurraldeari” ikasten dutenak, aldiz, ibarreko asistente sozial batekin bildu eta zahar-etxea bisitatuko dute.

Martxoaren 27an, asteazkena, Aribeko kooperatiban geldituko dira ikasleak etxera itzuli aurretik. Nekazari-kolektiboen funtzionamendua eta nola merkaturatzen dituzten proiektuak ikusiko dute han.

SASC IRATI proiektua

Zuberoa eta Zaraitzuren arteko ikasle-trukea SASC IRATI mugaz gaindiko lankidetza-proiektuaren barruan kokatzen da. Zaraitzu eta Aezkoako batzordeak zein Garazi eta Zuberoako sindikatu-batzordeak dira proiektuaren buru. Proiektuen helburua da denak elkarrekin aritzea Iratiko oihanaren balioa handitzeko. Izan ere, baliabideen kudeaketari buruzko hausnarketa komuna egin nahi dute lau ibarrek haren bitartez. Halaber, kohesioa sendotu nahi dute, lurralde globalagoa izan dadin Irati, mugaz gaindiko izaera izanik ere. Horretarako, lurralde-garapeneko estrategia iraunkorra ezarri dute, Iratin gauzatzen dira jarduera ekonomiko guztiak kontuan hartuko dituena.

Proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen du % 65ean, Interreg V. A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldearen integrazio ekonomiko eta soziala sendotzea da. Mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, batik bat, lurralde-garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bidez.

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This