CABECERA IRATI POCTEFA

Festak eta tradizioak

Festak eta tradizioak ikustea ere bide egokia da Irati ezagutzeko. Koloretsuenetako bat Zuberoan egiten da, hots, Maskaradak, inaute giro betean, umorea, antzerkia eta dantza herri guztietara eramateko. Zuberoan handia da, halaber, ahozko euskal tradizioaren indarra, Pastoraletan ikusten dugun bezala; herri antzerki moldea da, Erdi Aroan sortua, euskaraz eta kopletan emana, kantu eta dantzaz ere ederki hornitua, istorio bat kontatzeko. Herri bateko bizilagunek ematen dute udan, luzaroan prestatzen aritu ondoren. 

Dantzak ere euskal kulturaren osagai arras garrantzitsuak dira. Horrenbestez, Irati aldeko festa guztietan dantzariak aritzen dira: Otsagabian, adibidez, zortzi dantzari dira, Bobo edo erakuslea erraten zaion pertsonaia bitxi batek zuzenduak, eta makil dantzan aritzen dira. Jaurrietako emakumeek Axuri Beltza izeneko dantza ematen dute. Kaskarot dantzak ere badira bai Lapurdin, Bai Nafarroa Beherean, edota Zuberoako dantza ikusgarriak, dantzari trebe eta iaioen erakusgarri.

 

 

Bertzelako ospakizun erakargarri batzuk iraganean murgiltzeko atea dira. Horietako bat Orhipean da, jendea duela 100 urte inguru Otsagabian nola bizi zen erakusteko. Bertze bat, Aezkoa eta Garazi arteko hitzarmena, 1856koa, urtero berritzen dena, bi ibarretako artzainek herrilurretako bazkalekuak baliatzeko. Zuberoako hiriburuan, Maulen, espartinaren eguna ospatzen da agorrilaren 15ean, mende eta erdian espartingintzak herrian izaniko garrantziaren origarri. Aezkoako Eguna ere aipatu behar da, herriz egiten dena, aetzak elkartzeko eta Aezkoako janzkera tradizionala erakusteko.

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This