CABECERA IRATI POCTEFA

ORGANBIDEXKAKO LEPOA

1.283 metroko altueran kokaturik, eta Iratiko Txaletetatik kilometro gutxira, Organbidexka Europa Mendebaldeko hiru migrazio tokirik garrantzitsuenetakoa da hegaztiendako, Falsterbo (Suedia) eta Détroit (Gibraltar) lepoekin batera. Uztailaren 15etik azaroaren 15era, milaka hegaztik lepo gaineko zerua urratzen dute herrialde beroetako eguzki bila joateko. Beraz, hilabete horretan joatea da onena. Horrela, prismatikoek eta LPO-Txoriak Babesteko Ligako adituen aholku jakingarriek lagundurik, harrapari aunitz ikusteko parada izanen duzue (miru beltza, miru gorria, zapelatz liztorjalea), bai eta kurrilo (lertsun), zikoina, uso eta bertzelako hegazti aunitz ere. Azken buruan, natura eta ingurumena bertzela bizitzeko modu erakargarria.

 

 

 

ZOHIKAZTEGIAK

Iratiko oihanean badira hezegune aunitz eta haietan badago zohikaztegi sare garrantzitsu bat. Arras toki garrantzitsuak dira landare eta animalia espezie bitxiak eta interesgarriak bizi direlako. Naturgune sentikorrak dira, harrigarriak egiazki, bizitzaz beterik baitaude. Konparazio batera, zohikaztegien gainean, landare haragijale bat bizi da (drosera). Ile likatsuz estalitako garroak baliatzen ditu berarengana hurbiltzen diren intsektu gaixoak harrapatzeko. Irati-Garaziko Interpretazio Bidexkak inguru honetako zohikaztegi garrantzitsuenetako batera eramanen gaitu. Horietako bat, adibidez, Iratzabaletako errekatik hurbil dago.

IRATIKO TXALETEN GUNEA (ZENTRO ORNITOLOGIKOA)

Iratiko Txaletek informazio gune bat dute hegaztien migrazioaz eta biodibertsitateaz. Urtero, 3.000 bat lagunek bisitatzen dute. Arras leku interesgarria da inguru honetako hegaztiak ezagutzeko, sekulako aberastasuna baitago hegaztietan. Zuberoako Sindikatak, gainera, habiak ezarri ditu jendeak txorien txioak entzuteko eta hegaztien lumaje eder eta ikusgarriak miresteko.

ERREKAIDORRAKO BIDEXKA

Mugaz gaindiko bidexka ederra da, hamar kilometrokoa, Zaraitzu eta Zuberoa artekoa. Gainera, bidean badira panelak Iratiko oihan-baliabideak nola baliatzen ziren azaltzeko; hau da, zura nola ateratzen zen mastak, arraunak, altzariak edota egur-ikatza egiteko. Hortaz, aire zabaleko museo ederra, Irati aldeko gauza aunitz ikasteko: dela landare eta animalietan dagoen aberastasun handia,  dela garai batean erabili ziren kable-sistemak oihanetako zura ateratzeko.

Aukera paregabea da bi herri horien kultura ezagutzeko. Biak ere Errekaidorra gurutzatzen duen zaldainean elkartzen dira.

ORHI

Orhi (2.017 m) mendirik ezagun eta maiteenetako bat da Mendebaldeko Pirinioetan. Autoa Larraineko gainean (Zuberoa) dagoen aparkalekuan uzten badugu, aise iritsiko gara oinez kaskoraino; ordubetean doi. Ikuspegi zoragarriak daude Iratiko Oihanera eta inguruko kaskoetara.

Ez dira gutxi, bertzalde, mendiaren inguruko elezaharrak, Orhin Mari bizi omen baita, hau da, euskal mitologiako jainkosa (naturako jeinuen jainkosa), eta han ere, Basajaun omen dabil, oihaneko jauna.

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This