CABECERA IRATI POCTEFA

Artzaintzaren inguruko festa eguna Iropilen, uztailaren 21ean

Igandean, bi ekitaldi eginen dira Irati aldeko transhumantziaren balioa nabarmentzeko: Aezkoa eta Garazi arteko larre hitzarmena eta Bortuaren Eguna.

Aurten ere, Organbideko lepoa aetzen eta garaztarren arteko hitzarmenaren lekuko izanen da bazkaleku komunalen lurraldea zedarritzeko. Duela 463 urte egin zuten lehen aldiz. Hitzarmenaren sinadura Iropileko harrespilean eginen da, bertan 30 mugarri baitaude, bi ibarretako herrien ikur: 21 herri Garazikoak, eta 9, Aezkoakoak.

Hitzarmena 1556koa da eta urtero berritzen dute, bi ibarretako aziendek muga alde batetik bertzera gurutzatzeko baldintza berdinak izanen dituztela ziurtatze aldera. Ekitaldi sinbolikoa da, Aezkoa eta Garazi arteko harreman historikoen eta ekonomikoen erakusgarri. Azken urteotan, gainera, bi ibarren arteko harremana areagotu da.

Hitzarmenaren karira, gainera, mugaz alde bateko zein bertzeko jendea bildu, eta senidetasunezko jaia egiten dute bi ibarren artean. Horrela, bazkariaz gain, ibar bakoitzaren gizarte garapenean laguntzen duen jendea omentzen dute.

Aurten, gainera, hitzarmena berresteko sinadura Bortuaren Egunean eginen da. Kultur eta besta giroko eguna izaten da Manex izeneko ardi muturbeltzaren balioa nabarmentzeko, artzain lanbidea sustatzeko (funtsezkoa baita bi ibarretako ekonomian) eta oraindik ere transhumantziatik bizi diren Euskal Mendiko bizilagunak elkartzeko.

Festa egitaraua

Lehen ekitaldia 8:30ean hasiko da, 8 km-ko ibilaldia eginen baita inguruan barna, Patxi Caliotek eta Fabien Belchitek gidaturik. 9:00etan, ardi eta behi lehiaketak hasiko dira, bai eta gazta lehiaketa ere. Handik ordubetera, berriz, Aezkoako eta Garaziko nekazari eta artisauen produktuen azoka irekiko da (gaztak, eztia, sagardoa, etab.).

Larreen gaineko hitzarmena 11:00etan sinatu eta, eguerdiko otamenaren ondotik, ohi denez, bazkaria eginen da. Bazkalondoan, lehiaketen irabazleei sariak banatuko zaizkie.

SASC IRATI proiektua

Aezkoa eta Garazi arteko harremanak inoiz baino biziago daude SASC IRATI mugaz gaindiko lankidetza-proiektua martxan jarri ondoren. Zaraitzu eta Aezkoako batzordeak zein Garazi eta Zuberoako sindikatu-batzordeak dira proiektuaren buru. Proiektuen helburua da denak elkarrekin aritzea Iratiko oihanaren balioa handitzeko. Izan ere, baliabideen kudeaketari buruzko hausnarketa komuna egin nahi dute lau ibarrek haren bitartez. Halaber, kohesioa sendotu nahi dute, lurralde globalagoa izan dadin Irati, mugaz gaindiko izaera izanik ere. Horretarako, lurralde-garapeneko estrategia iraunkorra ezarri dute, Iratin gauzatzen dira jarduera ekonomiko guztiak kontuan hartuko dituena.

Proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen du % 65ean, Interreg V. A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldearen integrazio ekonomiko eta soziala sendotzea da. Mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, batik bat, lurralde-garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bidez.

© SASC IRATI proiektua- konfidentzialtasun-politika eta lege-oharra . Cookie-politika EGEFek finantzatutako proiektua . Eskualde Garapeneko Europako Funtsa.
Share This