irati.org - Aezkoako herri bidexkak
seguro de salud del estado de missouri comprar proscar ojo doctor rochester ny
Inprimatu

Aezkoako herri bidexkak

SL-NA 50C 
Anbulolatz

SL-NA 50C 
Anbulolatz

Abiapuntua: Arrazolako harrera-lekua (835 m.). Lehenbiziko tartean (“Azalegi-San Esteban ermita” ibilbide berea), bideak basoan goiti egiten du Oriongo larre aldera, errekaren eta mendi-pistaren ondo-ondotik doan bidezidor baten barna, hain zuzen ere.
Orionziloko askan Azalegiko bidea utzi eta pagoen eta ezpelen arteko xenda estu-estua hartuko dugu larreetaraino iritsi arte. Horixe izanen da ibilbidearen punturik gorena (1.020 m.). Mendi-bizkar soildu batek eramanen gaitu berriz pagadira; Anbulolatz izeneko leizeetatik eta Hiru Besangako Pagoaren ondo-ondotik (Monumentu Naturala) igaro ondoren, hasierako bidetik Arrazolara itzuliko gara.
 
Luzera: 6.1 km
Malda: 190 m
Track GPX

SL-NA 51C 
Azalegi-San Esteban Ermita

SL-NA 51C 
Azalegi-San Esteban Ermita

Abiapuntua: Arrazolako harrera-lekua (835m.). Lehenbiziko tartean (“Anbulolatz” ibilbide berea), bideak gora egiten du Orion aldera, errekaren eta pistaren ondo-ondotik doan bidezidor baten barna. Orionziloko askan bidea basotik ateratzen da eta Azalegiko tontorreraino (1.165 m.) igotzen da larreetan barna (ikuspegi apartak tontorretik). Bertan 1936ko gerra garaiko zementuzko tunel bat dago. Gailurretik beheiti, sobera ongi markatu gabeko bidezidorretatik jaitsiko gara, San Esteban ermita (1.080 m.) topatu arte -60. hamarkadan berreraiki zuten-. Arrazolarako jaitsiera bizi-bizia da, oso malda pikoa baita.
   
Luzera: 6.4 km
Malda: 350 m
Track GPX

SL-NA 52C
 Plaza Beunzako bidea

SL-NA 52C
 Plaza Beunzako bidea

Ibilbide laburra, baina ederra, oso. Abiapuntua: Irabiako uharkako dikera sartzeko aparkalekua (830 m.) (Lehenbiziko tartean, “Irabiako Uharkari itzulia” izenekoa bera da). Ibilbidea presaren gainetik igarotzen da, aldaparik gabeko bidezidor eder batetik, uharkaren ondo-ondotik. Bideak basoaren soilgune batera garamatza, Antxorena etxearen aurrietaraino, hain zuzen ere. Leku horretantxe Irabiako Uharkari itzuliaren ibilbidea utziko dugu, eta poliki-poliki gora doan pista hartuko dugu. Pista horretatik jaitsiko gara ia-ia uharkaren dikeraino. Pista utzita, xenda batean 200 bat metro egin ondoren, uharkaren hormaraino iritsiko gara.
   
Luzera: 4.4 km
Malda: 90 m
Track GPX

SL-NA 53C 
Irabiako uharkari itzulia

SL-NA 53C 
Irabiako uharkari itzulia

Ibilbide klasikoa, uharka osoa inguratzen du eta bi bailaretatik egin daiteke. Aezkoatik abiaturik, hasierako argibide-taula uharkaren presatik hurbil dagoen aparkalekuan dago (830 m). Lehenbiziko tartea “Plaza Beunzako Bidea” izenekoa bera da, Antxorena etxeko aurriak dauden soilguneraino. Uharka inguratzen duen bidezidorretik jarraituko dugu eta zementuzko zubi bat gurutzatu ondoren, beste aldera joko dugu, antzinako basozainen etxea zegoen tokiraino –egun basozainen etxea erabili gabe dago-. Metro batzuk egin eta gero, Elurretako Ama Birjinaren ermitatik Irabiako uharkaren presarantz doan mendi-pista aurkituko dugu. Abialekura itzultzeko, uharka inguratzen duen bidetik jarraitzea besterik ez dago. Elurretako Ama Birjinaren ermita aldera joateko, basozainen etxean Zabaletako Bidea (SL-NA 63A) har dezakegu. Ibilbide hau kontrako norabidean ere burutu daiteke, Zaraitzuko Elurretako Ama Birjinatik abiturik.
    
Luzera: 10 km
Malda: 80 m
Track GPX

SL-NA 54C 
Los Paraísos-Erlan

SL-NA 54C 
Los Paraísos-Erlan

Abiapuntua: harrobiko aparkalekua (845 m.), Irabiako Uharkaren presaren ondoan. Ibilbidea “Los Paraísos” delako eremuan barna igarotzen da. Bertan pago eder-ederrak daude. Uharka inguratzen duen pista hartuko dugu. “Segundo Paraíso” izenekora iritsitakoan, pista utzita, Mozolotxiki mendi-mazelatik poliki-poliki gora doan bidezidorra hartuko dugu. Pagadian barnako bideak ez du batere zailtasunik. Igotzean, basoaren soilgune batean ikuspegi ederra izanen dugu. Ermuñoko mendi-lepora (940 m.) iritsiko gara eta handik jaitsiko gara baso-pistara iritsi arte, eta handik aparkalekura.
    
Luzera: 4.6 km
Malda: 110 m
Track GPX

SL-NA 57B 
Ursarioko basoa

SL-NA 57B 
Ursarioko basoa

Abiapuntua: Azpegiko aterpea (980 m.) -Orbaitzetako Olatik hartua-. Ibilbide hau oso pagadi berezi batetik igarotzen da, lur karstiko ezin ederrago baten barna, Mendilatz natur erreserbaren ondo-ondoan.

Lehendabiziko tartean gora egiten du, “Mendilatz” izeneko ibilbide beretik, Azpegiko leporaino (1.055 m.); hortxe ikusiko ditugu Nafarroako monumentu megalitiko garrantzitsuenak -trikuharriak eta harrespilak, besteak beste- (megalitoen bidea ibilbide tematiko seinaleztatua da). Ondoren, basoan sartuko gara Arratakako iturrira iritsi arte. Itzulera, basoa inguratzen duten larreetatik eginen dugu, Azpegiko lepoan barna, alegia.

Luzera: 6.7 km
Malda: 260 m
Track GPX

SL-NA 58B
 Mendilatz

SL-NA 58B
 Mendilatz

Abiapuntua: Azpegiko aterpea (980 m.) -Orbaitzetako Olatik hartua-. Ibilbidea Mendilatz-ko tontorreraino (1.348 m.) joaten da bide aldapatsu batetik. Igoeran ia 360 graduko ikuspegi ederrak ikusiko ditugu. Lehenbiziko tartean, “Ursarioko basoa” izeneko ibilbide beretik gora egiten du Azpegiko leporaino (1.055 m). Lepo horretatik gora egiten du, mendi-bizkar soilduan barna gailurreraino; hori da ibilbidearen zati gogorrena. Jaitsiera mendebaldeko pagaditik beheiti egiten da Mustakolarreko bide zaharreraino. Handik Azpegiko aterpera iritsiko gara berriro.
    
Luzera: 5.3 km
Malda: 390 m
Track GPX

SL-NA 59B 
Arlekia-Lauzaran

SL-NA 59B 
Arlekia-Lauzara

Abiapuntua: Orbaitzetako Ola (820 m.). Itolatz izeneko basoan barnako ibilbide ederra da -espezie asko dago bertan-. Lehenbiziko tartean, pagadi ederren artean doan xenda maldatsua hartuz gero, Arlekia izeneko gazteluaren aurrietara (1.020 m.) iritsiko gara. Gaztelu zahar honek hiru solairu-garaiera du eta ibarrari begira dago. Gotorlekua bisitatu ondoren, atzera egin eta bide nagusira itzuliko gara. Pagadian barnako bidezidorra da; gora joaten da mendi-leporaino -alanbre-hesi bat ikusiko dugu-. Ezpelen eta iratzeen arteko xendak Lauzaran mendi-leporaino (1.005 m.) eramaten gaitu. Handik hasten da jaitsiera, pinu-sail baten barna, beste mendi-lepo txiki bateraino. Ezkerreko bidea utziko dugu -Usategieta-Nabalara joaten dena, alegia- eta Itolatz errekaraino jaitsiko gara. Erreka igarota, mendi-pista hartu eta Orbaitzetako Olara iritsiko gara.
    
Luzera: 6.6 km
Malda: 340 m
Track GPX

Herri bidexka gehiago

SL-NA 50
 San Frantziskoko muinoa

Ibilbidea Hiriberrin hasten da, herriaren goialdean. Hartu Otsagabiarako garai bateko bideak egiten duen pista seinaleztatua. Mendi-hegalaren erdialderaino poliki-poliki igotzen den pista horretan barna eginen dugu San Frantzisko izeneko leporaino; hasieran belardi eta soro artean, eta, ondoren, larre, sastraka eta haritz artean. Mendi-hegalaren goialdean pagadi itxi bat ikusiko dugu. San Frantzisko lepora iritsita, sainduaren irudia gordetzen duen horma-hobi bat dago, garai batean zegoen baselizaren lekuko. Bertatik Pirinioen ikuspegi zabala dugu. Mendi-lepoan pista nagusia alde batera utzi eta beherantz doan bidexka estuago bat hartuko dugu pago -horietako batzuk oso handiak- eta hurritz artean. Bidexkak Zelaiondoa sakana zeharkatzen du, eta aurrera egiten du ibilbide-tarte lasai eta eroso batean barna; hemendik aitzinat haritzak nagusitzen dira. Arreseko Gurutzea izeneko parajea igarota, hasierako pistara iritsiko gara eta horretan barna abiapuntura helduko gara.

Luzera: 6.2 km
Malda: 200 m
Track GPX

SL-NA 50A
 Erondoako behatokia

Garraldako eskolen ondoan dagoen pistatik abiatuko gara; ataka ireki eta ezkerrera hartuko dugu. Soroa gurutzatu, bertze ataka bat pasa eta Laurensoko errekaren bazterrean dagoen bide zaharrean barna segituko dugu. Erreka utzi eta igotzen jarraituko dugu. Bidearen bi aldeetan ezpelak eta haritzak ikusi ahal izanen ditugu. Bertze ataka bat dago hemen;gurutzatu eta soro txiki bat agertuko zaigu, hurritzez inguratua dagoena. Bidean jarraitu. Aldeetara ezpelak, haritzak eta hareharriak ikusiko ditugu. Orain laborerik ez duen bertze soro txiki bat ikusiko dugu,eskuinera hartu eta kareharrobi bat aurkituko dugu. Maldan gora hasiko gara. Gainean, pago baten ondoan, eskuinera hartu. Metro batzuk aurrerago Garraldara ematen duen behatoki ederrera ailegatuko gara. Pagoaren ezker, igotzen segi. Berehala ibilbidea laua eginen da. Bertze behatoki batera aterako gara. Ondoren jeitsiera hasiko da (S.L. NA51) bidearekin gurutzatu arte. Garralda eta Aria lotzen zituen bide zaharra da hau. Hemendik Irati Ibaia eta Aribe ikusi ahal izanen ditugu. Ezkerrerantz hartuta Ariara joan gaitezke, eskuinera berriz, harkaitz eta haritzen artean doan bidean barna, hasierara eramanen gaituen pista zabaleraino.

Luzera: 3,5 km
Malda: 200 m
Track GPX

SL-NA 50B
 Hastekaldeako haitzuloak

Abaurrepeatik abiatuko gara soroetan barna jeisten den pista hartuta. 400 metro aurrerago ataka bat agertuko da eskuinaldean. Gurutzatu eta bidea jarraituz herriko Errota zaharrera iritsiko gara. Ataka baino lehen zuzen jarraituz gero, eta bi gurutze pasa ondoren, ezkerrera hartu eta mendian gora hasiko gara. Bidea lautzen da aurrerago. Bi aldeetara ezpelak eta pago zenbait ikusiko ditugu. Ezkerrera hartu, eta haritz, pago eta ezpelen artean doan bidea segi. Iratzetara agertuko gara. Gurutzatu eta berehala bidea hartuko dugu berriz. Aurrerago ataka bat ikusiko dugu. Gurutzatu gabe, eskuinera hartu eta Asketaldeko Haitzulora ailegatuko gara. Ezkerrera hartuta, bideak jarraitzen du, tarte hau nahiko malkartsua da. Bazterretan harkaitzak eta ezpelak izanen ditugu. Oihanbide batera iritsi eta maldan behera hasiko gara; pago kimatuak ikusiko ditugu zati honetan. Pista utzi eta ezkerraldean agertzen den bidea hartuko dugu, eta, berriz, pistara azalduko gara. Ezkerrean borda baten hondarrak ikusiko ditugu. Jarraitu azken ataka gurutzatu arte. Herrira zuzen joan.

Luzera: 5,6 km
Malda: 900-1000 m
Track GPX

SL-NA 51A
 Garralda-Kadea-Garralda

Ibilbide honek Garraldako herrigunean du hasiera. Hilerriaren ondoan ezkerrean dagoen pista hartuko dugu, Garraldako Landandia gurutzatzeko. Bertan, bazkatzen, azienda ugari ikus ahal da, ikuspegi ederrak daude. Ezkerrean bide bat azalduko zaigu; pista utzi eta hau hartuko dugu. Bidearen bi aldeetan ezpelak eta haritzak izanen ditugu hasieran, eta, Artezelaiko erreka gurutzatu ondoren, pagoak, ezpelak eta haritzak. Tarte hau igoera txikia da. Hurbil, laborerik ez duten soroak ikusiko ditugu. Landandiko gainera ailegatuko gara, bertatik ikuspegi ederra dago: mendiak, zelaiak, soroak,...Pagadia gurutzatuz jeitsiko gara pistaraino ailegatu arte.Ezkerrera hartu, Mendialde borda ondotik pasa eta hurrengo gurutzeraino segi. Ezkerrera hartuta Garraldara iritsiko gara Landandian barna.
   
Luzera: 3,6 km
Malda: 200 m
Track GPX

SL-NA 52A 
Iraganeko bidea

Ibilbidea Garraldako harategian hasten da. Ataka Kanadarra gurutzatu ondoren, eskuinera hartuko dugu harrizko zola duen bide zaharrean barna. Bidea utziko dugu berehala, eta ezpelez inguraturik dagoen bide estua hartuko dugu. Maldan gora jarraituko dugu eta garbira aterako gara. Hor, larreak, ezpelak eta gorostiak tartekatzen dira. Ikuspegia ederra da hemendik. Soro bat ikusiko dugu, harrizko eta hurritzezko hertsia duena. Ezkerrean lurrezko bide zabala hasten da. Segi eta jeitsiera dugu. Soro gehiago ikusiko ditugu. Horietako bat gurutzatu ondoren, bidea hartuko dugu berriro. Beste zelai bat ikusiko dugu. Gurutzatu eta txokoan Baxanberroko lezea aurkituko dugu. Bidea jarraitu. Pagoak daude hemen. Ezkerrera hartu bide garbiagoa hartuz. Eskuinean ongi kontserbatzen den kareharrobia ikusiko dugu. Araneako iturriraino jarraitu eta ondoren ezpelen artean jarraituz oihanbidera aterako gara. Eskuinera joanez gero, Iratiren ibarraren gaineko behatokira aterako gara; ezkerrera hartuz gero, pagadian barna jeitsiko gara bidea zabalagoa egin arte.
Ezker, herriko Errota zaharrera heldu gara.

Luzera: 4,8 km
Malda: 200 m
Track GPX

SL-NA 51B 
San Migelgo baseliza

Harrobirako bidea hartzen den herriko azken etxetik abiatuko gara. Bidea igotzen hasi. Ezpelak ikusiko ditugu alde banatan eta berehala San Migelgo (XVIII.M.) baselizaren hondarretara ailegatuko gara. Ezker hartu eta harkaitzaren gailurra inguratzen joanen gara, Aezkoaren gaineko ikuspegi zoragarria duen behatokira azaldu arte. Bidea jarraitu eta haitzulo baten ondotik pasako gara. Ermitara iritsiko gara berriz. Hortik herrira itzuliko gara.

Luzera: 1,1 km
Malda: 1000-1100
Track GPX

SL-NA 52B 
Ariako usategiak

Ibilbide honek Ariako ikaztegi zaharraren ondoan du hasiera. Hasieran bide laua da, ezpelezko ezponda duena eta herriaren gainean balkoi modura azaltzen dena. Aurrerago ezkerrera hartuko dugu eta bidea estutuko da ezpelen eta haritzen artean pasatzen garenean. Maldan gora hasiko gara, herritik bordetara doan pistaren bihurgune batera ailegatu arte eta, gero, eskuin aldera bide beretik jarraituko dugu. Ariatibelgo gainera iritsiko gara, usategiak dauden lekura. Orbara, Orbaitzeta eta Iratiko Oihana ikusiko dugu hemendik. Usategi baten eskuinetik jeitsiko gara pagadian barna eta soroetan zenbaiten gainean dagoen soilunera aterako gara. Soroak inguratu bide zaharra jarraikiz eta ondoren bidea zabalagoa eginen zaigu. Eskuinaldera hartu eta bidea estutuko da berriz. Tarte arriskutsua gurutzatu beharko dugu (kontuz). Ariaraino segi.
   
Luzera: 3,6 km
Malda: 800-1000
Track GPX

SL-NA 53 
Aztapargo errekastoa

Bidexka Orbarako herrigunean hasten da. Lehenengo zatia Aitzarako bide asfaltatuan eginen dugu, Betolegiko zentral hidroelektrikora doan kanalaren behealdetik. Ondoren, kanalaren pista hartuta, zentralaren presaraino iritsiko gara; bertan, uhateek ur-emaria erregulatu eta hodietara bideratzen dute elektrizitatea sortuko duten turbinetara eramateko. Bideak, bidexka lokalak alegia, hodi erraldoien albotik egiten du aitzinat, zentraleraino; zubia zeharkatu eta basorantz hartuko dugu Aztapar ubidearen ertzetik, haritz kandugabe, ametz ilaundun eta pago batzuen artean. Bidexkari jarraituz beti, ubidea laugarrenez zeharkatuta, atzera bidea hartuko dugu baso-bide batean barna. Ubidearen alboetan hainbat ezki ikus daiteke. Betolegiko zentralera iritsita, hasierako bide beretik atzera eginen dugu abiapunturaino.

Luzera: 4km
Malda: 100 m
Track GPX

SL-NA 53A 
Milurteko aritza

Ibilbidea Aribeko Erdi Aroko zubiaren aurrean hasten da. Pista hartu eta igotzen hasiko gara berehala. Urbiltegira ailegatutakoan utziko dugu pista eskuinean dagoen bidea segitzeko. Geroago bide hau utzi beharko dugu eta ezpel, haritz eta harkaitzez inguratutako pistatik behera hasiko gara Irati Ibairaino. Eskuinera hartu ibaiaren bazterretik segitzeko eta metro batzuk aurrerago Aribeko bainuetxea aurkituko dugu. Bide beretik itzuliko gara oihanbidera ailegatu arte. Jarraitu eskuinean bidea azaldu arte. Merkurio meategiaren hondarrak ikusiko ditugu. Aurrera segi eta bertze oihanbide bat aurkituko dugu. Ezkerraldetik Aribera itzuliko gara. Eskuinera Garaioako haritzera joateko bidea hartuko dugu. Segi eta ezker aldean bide bat agertuko da. Maldan gora hasiko gara pago eta haritzen artean, milurteko haritzaraino ailegatu arte. Etorri garen bidetik itzuli gurutzeraino. Oihanbidea zuzen jarraitu (ezkerrean meategitik datorren bidea utziko dugu) eta poliki poliki igo garen bide berean barna jeitsi herriraino.
   
Luzera: 5,6 km
Malda: 110 M
Track GPX

SL-NA 53B 
Bordetako bidea

Orbarakoelizdorrearen ondoan hasten da ibilbide hau. Pista hartu eta emeki igotzen hasiko gara. Pixka bat aurrreago utziko dugu eta eskuinean agertzen den bidea hartu. Aitzako bordetara joateko bide zaharra da. Lehenengo bordaren ondoan ezkerrera hartu eta pagadian barna joanen gara. Gero mendia gora Mutiako garbira aterako gara. Bide laua eginen dugu zenbait metrotan eta ondoren jeisten hasiko gara. Ikuspegia ederra da hemendik. Bordetara eramaten duen pista berrira ailegatuko gara, eta ezkerrera hartuta pistan behera jeitsiko gara eskuinera agintzen digun seinalera iritsi arte. Hartu eta Aztaparren barna Ariako bordetara ailegatuko gara. Bide beretik itzuliko gara utzitako pistara iritsi arte. Eskuin hartu eta herrira jeitsiko gara.
 
Luzera: 8,8 km
Malda: 300 m
Track GPX

SL-NA 54 
Abaurreetako bidea

Abiapuntua Abaurrepean dago. Hasieran hainbat belardiren albotik eginen dugu aitzinat, eta ondoren harriz jositako bide bat hartuko dugu pista batera atera arte. Pista hartuta gorantz eginen dugu, eta handik lasterrera zuhaitz eta zuhamuxka bakanduak dituzten larreak zeharkatzen dituen bidexka hartuko dugu. Ondoren, berriro ere, pista hartuko dugu bi Abaurreak lotzen dituen errepidera iritsi arte; tarte labur batean, bitan zeharkatu beharko dugu errepidea. Asfaltoa alde batera utzita, begien bistan dagoen muinoraino doan bideari jarraituko diogu. Banalerroa zeharkatuta, ibilbidea, berriro ere soro eta belardien artean, mendiartetik doa, eta errepidera eramanen gaitu. Errepidea zeharkatuko dugu, eta Abaurregainera iritsiko gara. Hemendik aitzin, ibilbideak bi herriak lotzen dituen garai bateko bidetik jarraitzen du, basoak hartutako hegi batetik behera eginez. Berriro ere pistara iritsiko gara, eta errepidea zeharkatuta, abiapuntura helduko gara.
    
Luzera: 5 km
Malda: 800-1000
Track GPX

SL-NA 54A 
Aezkoako bide zaharrak

Hiru herrietatik egin daiteken ibilbidea da. Aribetik hasten dugu ibilbidea. San Joakin baseliza ondoan, ondoren metro batzuk itzuli Aribetik Hiriberrirako bide zaharra hartzeko. Zati malkartsua da hau eta aldeetan harrizko hormak daude tarteka. Errepidera aterako gara eta berehala 3. gurutzean Hiriberrirako bide zaharrean barna joateko aukera izanen dugu. Herria gurutzatu eta pista zabal batera aterako gara. Maldan behera hasiko gara. Eskuinean ikusiko dugun urbiltegi txiki baten ondoan utziko dugu pista bidea hartzeko. Ibilbidea laua izanen dugu Artekiko errekaraino. Erreka gurutzatu eta igotzen hasiko gara. Bidearen bazterretan pagoak, ezpelak eta haritzak ikusiko ditugu. Ondoren jeisten hasiko gara. 1.gurutzera ailegatu arte . Ezkerrera hartuz gero Garaioarako bidea hartuko dugu. Betondoko erreka gurutzatu ondoren, zelatan barna doan pista zabaletik igotzen joanen gara. Garaioako pilotalekura aterako gara eta eskuinean dagoen pista hartuko dugu. Metro batzuk aurrerago pista utzi eta ezkerrera segi. Bidegurutzea topatzen dugularik, segi aurrera zelaietan barna erreka berriro gurutzatu arte. Hariztian barna igarotzen da bidea Aribetik Hiriberrirako errepidera atera arte,hasierara itzuliko gara.
    
Luzera: 8,9 km
Malda: 200 m
Track GPX

SL-NA 55 
Iturta-Otarratz

Ibilbidea Garaioako herrigunean hasten da. Gorantz doan pista bat hartuko dugu, belardi eta hurritz eta ezpelen artean doan pista; aitzinago basoan sartzen dena. Ibilbideak pistan barna egiten du aitzinat borda bateraino. Aipatu borda alde batera utziko dugu, eta eremu ireki batera aterako gara, basoa gibelean utzita. Ibilbide lasaian jarraituko dugu, zuhaitzen bat edo beste eta zuhamuxkak –isatsez, ezpelez, patxaranez, txilarrez... osatua- dituzten larreetan barna. Bidexkak, muino arin baten ondoan, beherantz egiten du soro eta belardien artean dagoen pista bateraino. Horri jarraituko gatzaizkio abiapunturaino, Garaioaraino alegia, joateko.
    
Luzera: 4 km
Malda: 200 m
Track GPX

SL-NA 55A 
Pettubero-Sorginen bidea

Berrendira joateko herriko irteeran dago bidearen hasiera. Lehenengo gurutzean ezkerrera hartuko dugu eta bide zabala segituko dugu. Aldeetan zelaiak ikusiko ditugu. Bide hau utzi eta egurra ateratzeko erabiltzen zen bide zaharra hartuko dugu. Hasieran hariztian barna joanen gara (Tristuibartea edo Ariztibarreneko Erreserba Naturaleko mugetan gaude) eta geroago pagoak ikusiko ditugu. Maldan gora hasiko gara berriki egina den ikaztegiraino iritsi arte. Eskuin joan, eta malda gero eta pikoagoa eginen zaigu. Pettuberroko gainera ailegatuko gara: bertatik ikuspegia zoragarria da. Aezkoako herri guztiak ikusten diren leku bakarra da hau eta tradizioak dioenez, sorginak akelarrean biltzen ziren hemen. Bide beretik itzuli.

Luzera: 4 km
Malda: 300 m
Track GPX

SL-NA 56A 
Arburuako behatokia

OrbaizetakoMendikoa auzoan dagoen azken azienda ustiategiaren ezkerrean du hasiera bide honek. Hasierakoa tarte malkartsua da. Ezpelak eta orreak tartekatzen dira bidean. Aurrerago, hurritza eta eta haritzen artean doan zatia garbiagoa da. Maldan gora jarraitu eta Orbaizeta eta Irati Ibaiaren gaineko ikuspegia agertuko zaigu. Aurrerago, Urtziloko Haitzulora iritsiko gara. Lehenxeago, eskuinaldean utzi dugun bidea hartuko dugu orain. Bide hau jarraitu eta malda handia igotzen hasiko gara. Bidearen bazterretan haritzak ditugu. Berehala Arburuko gainera iritsiko gara. Hortik Irati Ibaia eta zeharkatzen dituen zenbait herri ikusi ahal izanen ditugu. Eskuin hartu eta mendi soilean barna usategietara ailegatuko gara. Bidea garbiagoa eginen da (kotxe arrastoak ikusiko ditugu) eta pista nagusiraino heldu gara. Eskuin, herrira itzuliko gara.
    
Luzera: 3,3 km
Malda: 200 m
Track GPX

comprar cialis transferencia bancaria comprar priligy en espana ciprofloxacino normon comprar viagra en espana comprar ventolin online donde comprar levitra mexico